Galdakaoko Historia

Sortu zeneko data zehaztasunez ez badakigu ere, antzinatik populatua zegoela gauza argia da. Jadanik XIV. mendean, Bilbo sortu zeneko mende berean, badago dokumentu bat erroldaturik zeuden nekazariek, Galdakaoko elizateko baserrietako biztanleek (beste elizateetakoekin batera: Bediako San Juan, Arrigorriaga, Zaratamo eta Basauriko San Miguel), Bizkaiko Jaun eta Gaztelako errege izango zen Juan Jaun infanteari eskatu ziotela Bilboko auzokoen zerrendan sartzea Ahaide Nagusi batzuen aldetik jasaten ari ziren gehiegikeriez defendatzeko.

1375eko martxoaren 12an Almanzán-en dataturiko agiri baten bidez onura hori onartu zitzaien. Halanda ze, Galdakao Bilboko auzokoen zerrendarekin lotuta geratu zen eta bertan 1630era arte iraun zuten.

XVI. mendetik jasota dago Galdakao, Uribeko merindadearen Elizatea, Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietako 38. botua eta aulkia betetzen zuela. Bere gobernu orokorrerako bi erregidore leial zituen eta garrantzi handiko erabakiak hartzen zituen herri-biltzar edo gurutz geldiaz gain.

Antzinako parrokia, Santa Maria Gangurenekoa (1782an bota zena), urrutiko lekuan kokaturik zegoen, bere izena hartzen duen mendian: Ganguren. Horregatik, XIII. mendean altzatu zen, ordezkatzeko, Elexaldeko Andra Maria tenplua. Fundatzailea Sancho de Galdácano y Torrezábal izan zen.

Galdakaok borrokaldi desberdinetan parte hartu zuen, hala nola Convención-eko Guduan (1795), Gudu Napoleonikoan (1808-1812) eta 1. Gudu Karlistan (1833-1839). Horrela, azken honetan, Galdakaok zeregin garrantzitsua bete zuen. Historiak dio bertan zegoela "casa consistorial muy grande que sirvió de cuartel por mucho tiempo a los carlistas, durante la guerra civil". Borrokaldia amaitu zen arte, Galdakao tropa Karlisten kokalekua izan zen.

Industrializazioa heltzeaz batera, XIX. mendean, industri jarduera desberdinak antzinatik zituen arren (harrobi eta burdinolen ustiakuntza, Abusuko harri errefraktarioko harrobi ospetsuak), industria gune garrantzitsu bihurtu zen Galdakao, zalantza barik 1882an Donostia-Bilbo (hasieran "Ferrocarril Central de Vizcaya" izena zuena) udalerria zeharkatzen zuen trenbidearen inaugurazioak lagunduta.

Dinamitaren Lantegia 1872an jarri ondoren, Usansolon fundizio lantegia edo Guturribai ongarri mineraletakoa bezalako enpresa garrantzitsuak gehitu zitzaizkion. Prozesu honek XX. mendean zehar jarraitu zion demografi hazkundea izan zuen lagun.

1936ko Gerrate Zibilean, Galdakao Errepublikari atxikitako indarren boterepean egon zen 1937ko ekainaren 15era arte, eta orduan Nafarroako 1. Brigadak okupatu zuen.

Bilboko Burdin-Hesiaren barruan geratzen zen, eta bere industria indartsuaren artean dinamitako lantegia zegoen. Hegazkin nazionalek maiatza eta ekainaren artean bonbardatua izan zen sarri, Nafarroako 1. Brigada sartu zenean, eta Eusko Jaularitzaren Bataloiekin gogor borrokatu ondoren, suntsiketa handiak izan zituen.

Gerraosteak, eta ondorioz izan zen errepresioak, ekonomi, gizarte eta kultur aldetik geraldi handia ekarri zuen. Hala eta guztiz ere, Galdakao haziz joan da eta horrek urbanizazio gero eta zabalagoa ekarri du.

Gaur egun, 30.000 biztanle inguru ditu, 1993. urtean udalak onetsitako Hiri-Antolaketarako Egitamu Orokorrean dauden aurreikuspenei erantzunez. Izan ere, produkzio sektore desberdinak, zerbitzu eta aisialdikoak, bizileku mota desberdinekin konbinatzen saiatu da, herri atsegin eta prosperoa lortzeko asmoaz.