Igo
  • 2018/01/19

Galdakaoko Santa Maria eleizako erretaula nagusia zaharberritzeko lehenengo lanak hasi dira

Ehun urteko historian egiten diran lehenengo mantentze eta zaharberritze lanak izango dira. Galdakaoko Santa Maria eleizako erretaula nagusia, Bizkaiko neogotikoaren adierazlerik bikainenetako bat, "aurpegi garbiketari" ekin deutso egunokaz, mendean zehar izandako narriadura konpontzeko.


Mantentze eta zaharberritze lan hori aditu batzuek burutzen dabe egunero, goizeko zortzietatik arrastiko bostetara, erretaula estaltzen daben aldamioetara igota. Erretaula Eulogio Valladolid eta Valeriano Martinez tailugile burgostarrek eraiki eben, 1922an Galdakaon egin zan diru-bilketari esker.


Galdakaoko udalak, Ainhoa Agirregoikoa Kultura Arloko zinegotziaren eskutik, eta Gonzalo Egia parrokoak, Juan Manuel Gonzalez Cembellin Bilboko Arte Sakroko Elizbarrutiko Museoko zuzendariak lagunduta, joan dan egunean aurkeztu dabe Erika Tarilonte, Lucia Tudela eta Itziar Aparicio teknikoen eskutik burutzen dabilzen lan honeen garapena.


Lanak amaitzen diranean, erretaula bisitatu ahal izango da Parrokiagaz koordinaturik eta aztertzen gabilz bisita gidatuak antolatzea ere  "zaharberritze lanez ganera, erretaula honen ondare artistikoaren balioa" ezagutzen emoteko.


Erretaula nagusiak oinplano zuzen dauka, predelaz, gorputz bat eta atikoa, guztia hiru kaletan antolatuta. Oinarrian hamabi metroko luzera dauka eta 12,88 metroko altuera. Azterketa teknikoa egin ondoren ikusitako kontserbazio-egoeraren aurrean, obrak egin beharra egoala ikusi zan, artelanaren egonkortasuna alteratu eta jatorrizko itxura distortsionatzen daben  patologiak antzeman diralako.