Igo
  • 2018/02/07

Galdakaok planteatzen dau Usansoloko segregazio-prozesurako herri-galdeketa azaroaren 11n egitea aurretik Estaduak baimena emon ondoren

Galdakaoko udalbatzak, joan dan maritzenean egindako ezohiko osoko bilkuran, erabagi dau gehiengo absolutuz, Usansoloko segregazio-prozesuan aurrera egitea, data jakin baten inguruan (2018ko azaroaren 11), Usansologaz muga egiten daben biztanleguneetan herri-galdeketa egin eta holan, boto sekretu, personal eta egiaztatu bidez, herrigune horren muga geografikoak ezarri ahal izateko.


Proposamen hau onartu zan EAJ-PNV eta PSE-EE udaltaldeen aldeko botoakaz, eta EH Bildu, Galdakao Orain, UH eta Irabazi udaltaldeen aurkako botoakaz; PP abstenidu zan.


Erabagi hau hartu aurretik, Galdakao Orain udaltaldearen boto partikularra bozkatu zan eta EH Bildu, Galdakao Orain, UH eta Irabazi udaltaldeen baiezko botoa jaso eban, eta EAJ-PNV eta PSE-EE udaltaldeen aurkako botoa; PP abstenidu zan. Era berean, Galdakao Orain eta UH udaltaldeek alkarregaz aurkeztutako mozioa bozkatu zan, eta udaltalde bion eta EH Bildu eta Irabazi udaltaldeen babesa jaso eban, eta EAJ-PNV eta PSE-EE uildataldeen aurkako botoa izan eban; PP abstenidu zan.


Informazio-batzordean aztertu ondoren, onartu dan erabagi horretan, jasotzen da "Batzorde Paritarioko kideen artean, Usansoloko udalerri barriak izan beharko leukean muga geografikoari buruzko akordiorik ez dagoanez, Galdakaoko auzo batzuen auzokideen eretxia ezagutzeko herri-galdeketa egitea planteatzen da, Usansoloko segregazio-prozesuan parte hartu gura daben jakiteko asmoz".


Proposamen horren arabera, labur-labur, ondoko urratsak egin beharko lirateke:


Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legaeren 71. artikuluan eta Euskadiko Toki-erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 80. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2018ko azaroaren 11n burutuko litzatekeen Usansoloko segregazio-prozesuan Galdakaoko auzo batzuk sartzeko herri-galdeketa egiteko baimena Estaduko Gobernuari eskatzea.


Herri-galdeketa bederatzi auzotan egingo da, hiru multzotan baturik:


1) Gorozibai.


2) Labeako multzoa: Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labeaga.


3) Artetako multzoa: Arteta, Ordaņe, Lekue eta Lekubaso.


Herri-galdeketan aurreikusitako galdera ondokoa litzateke: Gura dozu zure auzoa Usansoloko segregazio-prozesuan sartzea?


Herri-galdeketan momentu horretan, galdeketa egongo dan auzoetan erroldaturik dagozan 18 urtetik gorako pertsona fisiko guztiek parte hartu ahal izango dabe, Estadu espainiarreko edo Europar Batasuneko kidea den edozein herrialdetako herritarrak izan behar dirala. Posta bidezko botorik ez da onartuko. Identifikazioa jatorrizko NAN, pasaportea edo gidabaimenaren bidez egingo da, iraungita egon arren.


Galdeketa honetan erabiliko dan hauteskunde-mekanika beste edozein sufragio baten antzekoa izango da (boto pertsonala, egiaztatua eta sekretua, eta jakinarazo daben talde politikoen artekariak eta ahaldunak bertan dirala)


Galdeketaren emaitza ez da juridikoki loteslea izango. Halanda be, politikoki loteslea izango da parte-hartzearen portzentajea %35era heltzen bada.


Ministroen Kontseiluaren baimena jaso ondoren, kanpaina instituzional martxan jarriko da, herritarrek galdeketan parte hartu dagien animatzeko.