Igo
  • 2017/12/29

Errege magoak Galdakaon egongo dira Argizai Eskaut Taldeak antolatutako Kabalgatan

Hurrengo Urtarrilaren 5ean Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek Galdakaoko kaleak argiz, kolorez eta irribarrez beteko dituzte.


Aurten ere, Argizai Eskaut Taldeak kabalgata antolatuko du Galdakaoko Udaletxearen laguntzarekin, galdakoztar guztiek kabalgatarekin disfruta dezaten.


Urtarrilaren 5ean Meltxor, Gaspar eta Baltasar ikusteko aukera izango duzue; beraien garraioetan igota Galdakaoko kaleak gozokiz betetzen dituztelarik. Gluten gabeko gozokiak adin guztietako pertsonentzako aproposak izango dira, gozo-gozoak.


18:00etan Kurtzeko plazan hasiko den ibilbide honetan zehar hamaika sorpresa ikusteko aukera izango duzue hiru Errege Magoekin Bengoetxeko parrokiaraino.


Kurtzeko plazatik abiatuta Juan Bautista Uriarte zeharkatuko dute. Zamakoatik igaroko dira eta Bizkai Kaletik jarraituko dute El Quijoteraino. Bertan, Errege Magoek zein hurreratzen diren galdakaoztarrek Argizaiko asabek (begirale ohiek) prestatutako eszena erreibindikatiboa ikusteko aukera izango dute, baita galdakoztarrek ere.


Bengoetxera bidean, Argizaiko umeek antzeztutako Belena ikusgai egongo da non Errege Magoek beraien opariak Jesus umeari emango dizkioten. Parrokian, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek ume guztien eskakizunak entzungo dituzte eta gutunak jasoko dituzte, alaitasunak giroa betetzen duela. Gainera, bertan, Bengoetxeko Auzokideen Elkartearen eskutik txokolatada bikaina egongo da.  Aurten ere, bisita berezi bat ere izango dugu, Erregeak ekialde hurbiletik gidatu izan dituen Gabone Izarra etorriko zaigu. Emakume honek haurrei oparitxo ez sexista bat emateaz gain, guraso guztientzako mezu bat izango du eta aldi berean genero berdintasunaren aldeko aldarrikapen bat ere dakarkigu.


Kabalgata hasi aurretik udaletxean eta Bengoetxeko elizara heltzen garenean, Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Boluntario Giza Elkarteak (GBGE) elikagai bilketa egingo dute. Galdakoztarroi animatzen zaituztegu janari kg bat ekartzera Errege Magoek gehien behar duten horiei eraman diezaieten.


Argizai Eskaut Taldetik, kabalgata aurrera eramateko parte hartzen zaudeten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu, zuek gabe oso zaila izango litzatekeelako kabalgata egitea. Bestalde, galdakoztar guztiak kabalgata ilusioz hartzera animatzen zaituztegu, baita kabalgatan aktiboki parte hartzera. Gabon Zoriontsuak izan ditzazuela!