Igo
  • 2017/11/20

Datorren astelehenean, azaroak 20, XXVI. Musika Astea hasiko da publiko guztiei zuzendutako sei kontzertugaz

Aste honetan, azaroaren 20tik 26ra, XXVI. Musika Astea hasiko da, publiko guztiei zuzendutako sei kontzertugaz. Nabarmendu behar da urtez urte publikoaren aldetik harrera bikaina daukan ekimena dala.



Prezioak arrazoizkoak (3 euro) eta inguruan katxe oneko taldeak parte hartuta, Musika Astea urtero erakargarriagoa izatea lortu da.



Aintzane Urkiza erakunde autonomoko presidenteak azpimarratu dau Musika Eskolako irakasleen eginkizuna, ekimen hau urtero antolatu ahal izateko, zentroan egiten dan lana balioan jarriz eta bertan 500 haurrek ikasten dabela aintzat hartuz. Aitorpen hau, Jou Eskolako zuzendariak be aitatu dau eta, ondoren, XXVI. Musika Astearen nondik norakoak aurkeztu ditu, talde bakotxaren ezaugarriak emonaz: "Urtero lez, gitxiagogaz gehiago egin gura dogu. Uste dogu aurtengo honetan be karte borobila geratu jakula eta ikusle guztiei asko gustauko jakela".



Aste Nagusiko programa ondokoa da:



- Astelehena 20: BILBO SAX QUARTET (19:30. Musika eskolan. Doan).



BILBO SAX QUARTET. Bilbo Sax Quartet, saxofoi laukotea da, familia horren tresna klasikoek osatzen duten taldea: sopranoa, altua, tenorea eta baritonoa. Oraingo honetan, Bilbo Sax Quartet taldeak, musikaren bitartez, XX. mendean zehar egindako bidaia proposatzen du. Publiko guztiei zuzenduta dagoen kontzertu honetan musika klasikoa, jazza, musika etnikoa edota pop rocka interpretatuko dute.




- Asteartea 21: ARIMA KAMERATA (19:30. Torrezabal Kultur Etxean 3 euro).



ARIMA KAMERATA   Musika klasikoa. Arima Kamerata ganbera-orkestra gaztea dugu, berritzailea eta autodidakta, musika gizartearen aldaketarako tresna gisa darabilena, mugimendu solidario eta kulturalen bidez. Arima Kamerata arima bereziko orkestra da, musikari bakoitzak agertokian jartzen duten arimaz ikusleak hunkiarazten dituena.



Eguaztena, hilak 22 (19:30. Torrezabal Kultur Etxea. 3 euro):



FETEN FETEN Munduko musikak. Fetén Fetén-ek gure sustrai eta tradizioetan errotutako musika egiten du. Taldearen konposizioek dantza erritmo desberdinetara garamatzate, fox-trot, vals, txotis, seguidillak edo habanerak, doinu horiekin Iberiar Penintsula osotik kulunkatuz eta Italiatik Japonera edo Argentinatik Portugalera hegal eginez.



Eguena, hilak 23 (19:30. Torrezabal Kultur Etxea. 3 euro): KHAMI "Bazzque World Sounds" Euskal musika, World music eta jazzaren arteko fusioa.



Euskal kultura herrikoiaren aztarna berezko eta sustraituenetan bilaketa lana egin du Khami izeneko proiektu honek. Bilatze lan horretan, euskal folkloreak munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkitu dira, hauen artean berariazko nahasketak bilatuz. Kultura nahasketen ardatz unibertsalari segika, Khami-k soinu berezkoa eta mestizoa elkartu ditu aldi berean.



Barikua, hilak 24 (19:30. Torrezabal Kultur Etxea. 3 euro):



ROCK & KIDS Umeentzako kontzertu didaktikoa. Euskaraz.  Umeentzat kontzertu didaktikoa euskaraz. The Rock & Kids Band txiki eta handiei zuzendutako kultura eta hezkuntzazko proposamena da. Gure kontzertuek eta jarduerek musikaren eta artearen mundura hurbilduko zaituzte zuen bizitzan esperientzia positiboa sortzeko, hain zuzen ere, burua zabalduz, gorputza erlaxatuz eta esperientzia horrekin denok gozatuz.



Domeka, hilak 27 (13:00. Torrezabal Kultur Etxea. Sarrera librea): DACAPO MUSIKA BANDA