Igo
  • 2018/01/19

Aperribai HIko patioan estalkia instalatuko da aurten, 280.000 euroko aurrekontua izango dau eta 650 metro koadro estalduko ditu

Aperribai HIko jolas-patioan proiektatuta dagoan estalkia aurten instalatuko da, 280.000 euroko inguruko inbertsinoa izango dau eta 650 metro koadroko azalera estalduko dau.


I-Ingenia enpresak erredaktatutako proiektuaren aurkezpen-ekitaldia eguen honetan egin da eta enpresa berorrek exekutatzeko obrak be zuzenduko ditu. Adjudikazinoa lehiaketaren azkeneko fasean dago. Aurkezpen-ekitaldiko buru Fernando Izagirre, Hirigintza Arloko zinegotzia eta, Aintzane Urkiza, Obra eta Zerbitzuen Arloko zinegotzia izan dira, eta bertan ikastetxe horretako talde zuzendariko ordezkariak eta IGEko kideak be egon ziran.


Bertaratu ziran guztiek azpimarratu dabe obra honek Aperribai HIrentzat izango dauen garrantzia, eta, ondorioz, auzo osoarentzat, "erabilera mota asko egin leikezalako bertan, irakaskuntzari lotutakoak zein, behar izan ezkero, eskolaz kanpoko ekintzak".


2017ko hondarrean aurreratu zanez, obrak adjudikatuta dagozanean, Ikastetxeko Zuzendaritza izango da obrak noz hasiko diran erabagiko dauena, Eskola-egutegian ahalik eta kalte gitxien izateko", azpimarratu eban Izagirrek.


Aurkezpenean azaldu zan moduan, patio osoa babestuko dauen estalkia planteatzen da, ura sartzea guztiz ekidinez. Patioko zona osoa estaltzean, ibilbidea euriaz erabat estaldua eta babestua egongo da eraikineko sarbidetik pistetaraino.


Onartu dan proiektuan proposatzen danez, estalkiak metalezko egitura eta argia zeharkatzen dauen polikarbonato konpaktuko akabera izango dau. Egituraren inklinazioa %5ekoa izango da, urak eraikinaren aldera isuriz eta goialdea hego-ekialdeko hegal aldera geratuz. Hegal horretan, estalkiko material bereko itxitura bertikala jarriko da, estaldutako gunera euri eta haize boldadetatik babesteko.


Egiturak 5 arkupe paparelo izango ditu erdian, zutabe bi eta haga batez osatuta. Patioko iparraldean, eraikinera sartzeko arrapala gunea dagoan lekuan, beste hiru atari proiektatzen dira inguru hori estaltzeko.