ZALANTZAK ERANTZUTEN

Nola ordaindu dezaket matrikula?

Matrikula urte osorako da eta bi aukera dituzu ordainketa egiteko: ikasturtea hasi aurretik dena batera ala epe bitan.

Matrikula epe bitan oradinduz gero, noiz eta nola kobratuko didate?

Lehen zatia zuk zeuk egingo duzun diru sarreraren bidez ordaindu behar duzu.Bigarren epea ordaintzeko, bulegoan emango zaizun inprimakia bete beharko duzu eta urriaren amaieran zure konturik hartuko dugu dirua.

Matrikulatzen banaiz eta dena delakoarengatik ezin banaiz euskaltegira joan, dirua itzuliko didate?

Euskaltegiaren barne-araudiak arautzen duenari jarraiki, klaseak hasten diren egunetik 10 egun naturaleko epea izango duzu matrikula dirua berreskuratzeko.Bajaren arrazoia, idatziz justifikatu beharko duzu.

Matrikula epe bitan ordaindu badut eta edozein arrazoirengatik euskaltegia uzten badut, bigarren epeari dagokion zenbatekoa ordaindu behar dut?

Bai. Matrikula epe bitan ordaintzeko aukera, ikasleari ematen zaion erraztasuna delako. Ikasleak matrikula egiten duenean, ikasturte osorako egiten du.

Badago bekarik?

Bai, beka mota diferenteak daude. Zerbitzuak eskaintzeagatiko prezio publikoen ordenantza arautzailean jasota daude. Arautegi hau, klaseko lehen egunean irakasleak banatuko dizu.

Ordutegia alda dezaket?

Bai. Irakasleari berari jakinarazi behar diozu ordutegi horretan lekurik dagoen jakiteko.

Txandaka ikasi beharko banu, ze aukera ditut?

Matrikula egitean txandaka behar duzula adierazi behar duzu. Talde bateko zerrendan egongo zara eta bigarren taldera joan ahal izango zara, baldin eta talderik badago.

Nik beste euskaltegi batean ikasi dut. Mailaketa probarik egin behar dut?

Ez, udal euskaltegi batean ikasi baduzu. Bai, euskaltegi pribatu edo homologatu batean ikasi baduzu.

Testu-libururik erabiltzen duzue?

Ez. Gure eskolak ikasleen beharren arabera prestatzen ditugu, beraz, testu-liburu desberdinak, interneteko materiala edo momentu bakoitzean irakasleak egokien deritzen gauzak lantzen ditu ikasgelan.

Zenbat maila daude?

Euskaltegi honetan, hiru maila daude bost ziklotan banaturik: 1A1, 1A2, 1B, 2 eta 3 maila.(ikus mailei buruzko informazioa)

Ikastaro trinko bat egiten badut, udan adibidez, maila gaindituko nuke?

Maila gainditu duzun ala ez jakiteko, lehenengo eta behin, zure abiapuntua jakin behar dugu. Ez da gauza bera ikastaroa mailaren hasieratik egitea edo mailaren bukaeran aritzea.

Agiririk ematen duzue?

Euskarak baditu titulu ofizial desberdinak, hala nola, EGA edo Hizkuntz Eskola Ofizialekoa eta Irakaskuntza eta Administraziorako Hizkuntz Eskakizunak. Euskaltegiek momentuz ez dute titulu ofizialik emateko eskuduntzarik baina, 2003/2004 ikasturtetik aurrera HABEk 1. eta 2. mailako euskara agiriak ematen ditu eta probak euskaltegian bertan egiten dira.


 

© 2005 - Galdakaoko Udal Euskaltegia - Muguru Kalea, 6 - Telefonoa: 944 56 61 74 - E-mail: euskaltegi@oa.galdakao.net